Aurreko asteburuan heldu zitzaidan nire korreora kate kakatsu horietako bat uste nuena, “polémico artículo” izenpean. Orokorrean zaborrontzira doazen mezu horietakoa izan zitekeen, baina hala ere, ireki eta albiste harrigarria irakurtzera jarri nintzen. Azaroaren 6an Wall Street Journal aldizkari ospetsuak honako erreportaia argitaratzen zuen bere Estatu Batuetako edizioren azalean: Basque Inquisition: how do you say sheperd in euskera? - Inkisio euskalduna: nola esan artzai euskeraz?
Albistea euskal erabiltzaileen gehiegoari EiTBren eskutik heldu zitzaigun: Keith Johnson izeneko kazetari estatubatuarrak zioenez, Eusko Jaurlaritzak milaka lagun eskolara itzultzera behartzen ditu euskara ikastera, beraien lana galdu nahi ez edo mantendu nahi badute. Bilboko irakasle baten adibidean oinarritzen ziren hau frogatzeko: Rosa Esquivias delako irakasle batek dio urtebete eman diotela lanean 25 ordu astean euskara ikastera emateko, dena ordainduta, noski. Bide horretatik jarraituz, Johnson jaunak euskara hizkuntza rurala dela adierazten du, egungo gizartean lekurik ez duena eta eguneroko elkarrizketarako balio ez duena. Eusko Jaurlaritzaren bidez inposatu egiten dela eta hau ez dela inolaz ere bidezkoa, herritarren %95ak gaztelera erabiltzen baitu, euskaraz egiten dugun %30aren aurrean. Azken ideia hauen lagun dira Joseba Arregi eta Leopoldo Barrena politikariak.
Gehiago zehazten, Keith Johnson honelako argudioetan oinarritzen da euskara hizkuntza rurala dela adierazteko: izan ere, artzai esateko euskeraz hamar termino baino gehiago daudela dio (behinzain, ardizain, ….) , baina maileguak hartu behar izan dituela gaur egungo terminologia erabiltzeko, eta adibide honakoak jartzen ditu: aireportu, independentzia, demokrazia, zientzia.
Albisteari erantzunak ez dira urriak izan. Euskal blogosfera hainbatek eta hainbatek beraien desadostasuna adierazi nahi izan diote kazetariari, euskara zigortzen ari zela zentzuzko inolako arrazonamendurik gabe. Kontrako iritziez gain, izan dira Johnsonekin ados azaldu diren elkarte eta erabiltzaileak ere. EiTBko Ganbaratik blogean ezagutu daitezke irakurleen iritziak. Hainbeste erantzunen eraginez, kazetariak mezu bat bidaltzea besterik ez du izan, izenburua berak aukeratu ez duela esanez, eta Jose Maria Aznarrek (WSJ kontrolatzen duen News Corporation enpresaren aholkulari mahaian postua duenez) ez duela inolako eraginik izan bere artikuluan, barkamena eskatzen mindu duen euskaldun orori, e.a. Hala ere, ez da aitzakia. Esandako astakeri guztiek arrotu dute euskal gizartearen ondarra, zurrunbilo bailitzan.
Harrigarria da nola euskararen aurkako erasoak hain erraz egitera ausartu daitekeen bat. Izan ere, duela bi urte eskas, kazetari hau Euskal Herrira etorri zen, euskaltegietako mugimendua aztertzera Bilbora, eta AEK-ko kideekin egon zen lanean, gizarte honetan ematen den elebitasuna eta euskara batua hain epe motzean normalizatzeko prozesua aztertzea oso interesgarri baitzitzaion. Batek gizon hau hipokrita hutsa dela pentsatu dezake.
Hala ere, eta euskalzaleen haserrea elkarbanatzen dudan heinean ere, eta arrazoirik kendu ez diedanean, galdetzen diot neure buruari, eszeptika xamar naizen horretan, nolaz heltzen diren euskarari buruzko eraso hauen berriak guregana Eusko Jaurlaritzak euskaldun berriek euskara erabil dezaten programa berria hasi duen garai berean, pixka bat es mucho delakoa. Ez nuke mesfidati izan nahi, baina…
Azken honen inguruan dakidan gauza bakarra honakoa da: ezin izan zutela papin/marrazki itsusiagorik aukeratu Ekin, Ukan, Ekin! birusa aurkezteko. Horrekin ni ere ez nindukete euskaraz egitera bultzatuko.
Bibliografia eta erreferentzia interesgarriak:
ABC-k WSJ-n argitaratutakoaren inguruan egindako albistea. 2007/11/7.
Para la libertad elkartekoek argitaratu zuten Keith Johnsonen artikuluaren itzulpena.
Gmane-k egindako itzulpena.
Kontrako erantzunak: Katixa eta Luistxoren blogak.
Diario Vasco-ko iritzien atalean Juan Uriagerekak, Jakiundeko kide eta Marylandeko Unibertsitateko linguistikako irakasle denak, idatzitako artikulua: pastores y zagales, 2007/11/11.


